XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kate motzean

Izaskun Bengoa

Txirrindularia

Jende askok ez daki nesken txirrindularitza existitzen denik ere

Has gaitezen hasieratik.

Oroitzen duzu zure lehen trizikloa?

Trizikloa ez.

Gogoratzen naiz Olentzerok ekarritako BH txiki urdin bat nuela, kristo bat egina zegoena, landetan barrena ibiltzen nintzelako.

Eta errepideko lehen bizikleta?

Aita zikloturista dut, eta berak erosi zidan.

Bigarren eskukoa zen, Amurrioko alkatearen semeari erosi zion, gainera.

Giroan hamaseigarren postuan amaitu duzu, gustura?

Bai.

Hamabi eguneko proba izan da, nahiko gogorra, oso maila altukoa; lehenengo astean etapa guztietan bizpahiru portu izan ditugu.

Fabiana Luperini izan da irabazlea, eta aipatzekoa da haren kluba izan dela Giroa antolatu duena.

Nola da hori, irabazlearen klubak antolatu duela proba?

Hala da, bai.

Ibilbidea apur bat Luperiniren neurrira egin dutela esan daiteke.

Luperini profesionala al da?

Italian ordaindu egiten diete txirrindulariei.

Guri, ostera, ez, afizio hutsagatik egiten dugu, materiala ordaintzen digute eta hortik aurrera ia dena norbere kontura doa.

Bidaia ere ez dute ordaintzen.

Etxekoen aldetik laguntza handia behar izaten dugu.

Nik emakumezkoen artean Jeannie Longo besterik ez nuen ezagutzen...

Iurretan, Emakumeen Biran, Macario taldean, gurekin korritu zuen, baina oso esperientzia txarra izan zen.

Lotsagabe samarra da.

Bera bere kabuz doa, eta denak bere zerbitzura egon daitezen behar du.

Oso ona da, baina bestelako tenperamentua izango balu agian famatuagoa izango litzateke.

RAI telebista kateak ez omen dizue kasu handirik egin.

Hori tarteko, protestaren bat ere egin zenuten.

Bost edo hamar bat minutuko plantoa egin genuen etapa baten hasieran.

Baziren egunak minutu erdiko informazioa besterik botatzen ez zutena.

Profesionaltasunik eza gainditzeko modurik ba al dago?

Horretarako komunikabideek kasu gehiago egin beharko ligukete, eta, ondorioz, babesleak animatuko lirateke.

Esaidazu zein den nesken eta mutilen txirrindularitzaren artean dagoen ezberdintasun nabarmenena.

Haiek profesionaletara hel daitezkeela, eta gu, berriz, ez.

Guk afizioz egiten dugu.

Jende askok ez daki nesken txirrindularitza existitzen denik ere.

Askotan aupa mutiko! esaten digute.

Ez dira enteratu ere egiten.

Zenbat kilometro egiten dituzue batez beste egunero?

Giroko etapek ehun kilometro inguru zituzten.

Entrenamenduetan gutxiago, berrehun bat kilometro astero.

Zenbat denbora behar izaten duzu zulatu bat konpontzeko?

Oso txarra naiz gauza horietarako...

Agian, hamar edo hamabost minutu.

Egia esan, ia dena aitak egiten dit: bizikleta garbitu, zulatuak konpondu...

Banuen lagun txirrindulari bat erorikoak entseatzen zituena bere burua zelaian behera botaz.

Zuk egin izan dugu horrelakorik?

Nik ez.

Errepidean ez gara hainbeste erortzen.

Baina ez da txorakeria, mendiko bizikletan eta ziklokrosean dabiltzanek jakin behar dute erortzen, judoan bezala.

Zertaz hitz egiten duzue tropelean zoaztenean?

Ez dago ezer berezirik.

Denetarik.

Giro ona dago, oro har.

Dena den, esan ohi da mutilak baino okerrago portatzen garela, gehiago haserretzen garelako...

Jenio bizia dugu, hori egia da.

Zuen lasterketetan ere hala gertatzen da?

Ez, justu-justu familiakoak eta lagunen bat egoten dira.

Jende gehiena Frantzian inguratzen da: joan den urtean Tourmaleteko azken kilometroa jendez gainezka zegoen.

Oso polita izan zen.

Zein da oroitzen duzun pajara-rik latzena?

Bakarra daukat gogoan: Tourrean, Alpeetako etapa batean, kristorena harrapatu nuen.

Goimendia igo nuen lehen aldia izan zen.

Hogei eta hogeita bost kilometroko portuak ziren...

Eskerrak furgoneta gertu zegoen.

Autoari heldu zenion, beraz.

Hori ez al da tranpa?

Bai, baina etapa horretan, aurrekoak izan ezik, denek egin zuten.

Errepide ertzeko jendeak ere bultzatzen gintuen.

Han ikasi nuen poussez moi esaten.

Txirrindulari guztiek eskatzen zuten: denek poussez moi! poussez moi! oihukatzen zuten bizikletetatik.

Gizonezkoen sari banaketetan azafatak dauden bezala, zuen kasuan azafato edo mutikoterik bada?

Ez.

Batzuetan inguruan dauden mutil txirrindulariei esaten diete igotzeko lore sortak ematera, baina normalean neskak izaten dira.

Horren kontura makina bat barre egiten dugu, ez pentsa.

Apustua egina dugu EGUNKARIAn.

Nortzuek osatuko dute Tourreko podiuma?

Ez dugu euskaldunik edukiko podiumean.

Olanok errendimendu baxua duela diote.

Gertatzen dena da, Olanok bere mugak ezagutu behar lituzkeela eta, nire ustez, bera ez da Tourra irabazteko txirrindularia.

Podiuma?

Ullrichena argi dago.

Lau esan dituzu

Bueno, Ullrich behintzat seguru.

Hortik aurrera...